XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konplizitateko jestu bat egin diok oso disimulo txarraz, eta berak esku batetaz adierazitako gela batetan sartu haiz hi aurretik, bera atzetik; komun funtzioa egiten zuen nonbait gela hark, halako itxura zeukan behintzat.

Eta hik haurraren arpegia erakusten diok, eta hura arpegia ere bestearena haurrarena ikusterakoan, eta hik lasai egoteko esan, eta berak harridurazko lehen mementuak igaro ondoren ferekatzen hasi, eta hik detaile guztiak kontatzen dizkiok, eta berak ea zer egin zezakeen, eta hik ba beno handik piska batetara janariarena tokatuko zitzaiola, eta berak ez zeukala ezer egiterik, eta esne apur batekin aski izango litzatekeela, eta berak isilune labur baten ondotik ikusiko zuela ea zer egin zitekeen.

Irten duk neska azkenik, eta bertan utzi hau bakarrik, pareten miseria ez begiratzeagatik haurraren arpegia begiratuaz.

Minutuak jasangaitz eta gogaikarriak bilakatzen hasi zaizkik, eta zerbait egitekotan besoen jarrera hasi duk aldatzen batetatik bestera, urduri eta ezin egon.

Azkenik atea berriro zabaltzen sentitu dik.

- Beno, uste dut honekin aski izango duela hik zerbait esan nahi izan duk bainan berak ahoa tapatu dik isilerazteko keinua eginaz, ixo, ez esan ezer, badakizu, nik ez dut zurekin hitzegin eta ez dakit ezer honetaz.

Begira esku artean daraman esne botila txikia erakutsiaz, hau mangatu dut, bainan ezingo dut inoiz gehiago honelakorik egin.

Azkeneko biberoiak apurtu zitzaizkigun aspaldi, bainan ardo botila hau moldatu dizut... uste dut egoki izango zaiola.

Denbora guztian isilik mantendu hau ezer esateko betarik eman gabe, eta konturatu orduko berriro ere bakarrik utzi hau gela horretan bakarrik, haurra beso batetan eta bestean botila.